TAI TXI TXUANA

TAI TXI TXUANA 2017-11-29T16:08:41+00:00

Tai Txi Txuana

Tai Txi Txuana borroka-arte bat da, jatorriz Txinakoa, energia eta arnasketa uztartzen dituena. Xede jakin batekin eta kontzientzia hartuz mugitzea da horren oinarria. Gorputza eta espiritua lantzen dira, eta hori lagungarria da sentimenduak adierazteko.

ABANTAILAK

Tai Txia malgutasunean oinarritzen da, indarrean baino areago. Ezaugarri nagusiak mugimendu zirkularrak eta geldoak dira. Haien helburua da txia (arnasketa) mugiaraztea eta, aldi berean, yina (energia) lantzea. Koordinazioa hobetzen, zehaztasunez mugitzen eta energia bideratzen lagunduko dizu, zure helburuak lortze aldera. Eta abantaila handi bat du: behin ikasita, edonon eta edonoiz praktika dezakezu.

PROGRAMA

Tai Txia egin aurretik, gorputzak erlaxatuta egon behar du, eta espirituak, lasai. Hortaz, saioaren lehen zatian, beroketa-ariketak egiten dira, baita arnasketak eta Qi gong delakoa ere (gogamena, mugimendua eta arnasketa bat egiteko ariketak).

Bigarren zatian, Tai Txia egiten da, zentzu hertsian. “Forma” lantzen denean, Tai Txiko mugimenduen segida tradizionala egiten da: arma gabeko borroka moduko bat da, kamera geldoan, irudizko aurkari baten aurka. Forma urratsez urrats ikasten da. Kontua da mugimenduak ulertzea, gogoratzea eta Tai Txiaren 10 urrezko arauak errespetatuz praktikatzen ikastea.

URREZKO 10 ARAUAK
  • Buruaren goialdea zerurantz luzatzea.
  • Bizkarra luzatzea.
  • Gerria erlaxatzea.
  • Sorbaldak erlaxatzea.
  • Ukondoei erortzen uztea.
  • Gorputzaren goialdea eta behealdea sinkronizatzea.
  • Kanpoaldea eta barrualdea bateratzea.
  • Hutsa eta betea bereiztea.
  • Trabarik gabe praktikatzea, etenik gabe.
  • Mugimenduaren bidez lasaitasuna bilatzea.

Forma ikasteko, “Tui Shou” ariketak egin ohi dira; eskuekin bultza egiteko ariketak dira. Ariketa horiek binaka egiten dira, besteen energiarekiko sentiberatasuna areagotzeko eta autobabeserako teknikak ikasteko. Halaber, ikasle aurreratuek armak erabiltzen ikasten dute: makila, ezpata eta lantza.

Saioaren hirugarren zatian, azken zatian, gogoa biltzeko ariketak eta meditazio-ariketak egiten dira.

LUZATZEA

Tai Txi saio bat egin ondoren, nahitaezkoak dira luzaketak. Hona hemen luzatze-ariketa batzuk, erlaxatzeko:

Eserita zaudela eta hankak aurrerantz luzatuta dituzula, hartu bi oinak eskuekin eta tira ezazu haietatik, gehiegizko presioa egin gabe. Eutsi bizkarrari tente beti.

Eserita zaudela eta hankak lotoaren posizioan dituzula, hartu bi oinak eskuekin eta, ukondoekin, bultza itzazu belaunak poliki-poliki lurrerantz.

Eseri zaitez hankak gurutzatuta dituzula, luzatu besoak buruaren gainetik, elkartu eskuak eta luzatu gorantz ahalik eta gehien, burua tente duzula.